viernes, 5 de diciembre de 2008

Argazki batek, keinu batek sor dezakena


Urduri zegoen Tommie Smith Mexikoko estadiumera irten aurretik. Ez da harritzekoa. Hegan egin zuen, milaka ikusleren aurrean 200metrotako lasterketan. 19,83 segundutan gelditu zen erlojua. 20segunduetatik jeisten zen lehen gizasemea zen Smith. Bainan urduritasuna ez zion urrezko dominak, podium-eko lehen kajoiak sortzen. Hurrengo minutuetan, bere bizitza eta baita olinpiar jokoen historia aldatuko zuen ekintza egitera zihoan.

Neo-esklabu familia batean jaio zen Smith 1944an. Esklabutza ofizialki abolitua zegoen arren, txuri familia batendako lan egiten zuten Tommie Smith-en gurasoek, kotoia biltzen. Texas-en eman zuen haurtzaro guztia. Garai latza beltz batendako, leku ezin aproposago batean, Estatu Batuetako hegoalde itxiena. Irainak, isekak, espaloi honetatik soilik txuriak pasa daitezke, bainugela hau ezin duzu erabili...handikan korrika irten nahian hasi zen kiroletan Tommie Smith.

1968ko olinpiar jokoetan, Estatu Batuetan puri purian zegoen arraza borroka nazioarte mailan erakusteko aukera paregabea aurkitu zuten kirolari afroamerikarrek. Olympic Project for Human Rights (OPHR) egitasmoa martxan jarri zuten. Aldarrikapen eta protesta ekintza isolatuak izanen ziren. Bakoitzak nahi zuen mailara eramanen zuena.

200metroko finalaren ostean eta sariak jaso aurretik, Tommie Smith eta bere taldekidea John Carlos-ek, azken honen emazteak emandako eskularru beltzak jantzi zituzten. Bigarren geratu zen Peter Norman australia gazte txuria. Honek ere, afroamerikarren aldarrikapenarekin bat egin eta bere estatuan aborigenen kontra egiten zirenak salatzeko OPHR-aren pegatina jantzi zuen.

Estatu Batuen ereserkia jotzen hasi zirenean, denok buruan dugun irudia eman zen. Bi kirolari estatubatuarrak burua jeitsi eta ukabil beltzak altxatu zituzten. Black Power esaten zitzaion. Inoiz (gure belaunaldikook) ez diogu soinurik jarri argazkiari. Txistuena, irainena, garrasiena...izan zen soinu banda. Hortxe, podium-ean bertan urteetan luzatuko zen ametsgaiztoa hasi zen hiru atletendako.

1936ko olinpiar jokoetan nazien agurra egiteagatik arazorik ikusten ez zuen Komite Olinpikoak eta baita Estatu Batuetako Komiteak, kritika gogorrak egin zizkieten hiru kirolariei. Hiri olinpikotik kanporatu egin zituzten, bekak kendu eta kirola egiten jarraitzeko bideak itxi egin zizkieten. Oraindik Komite Olinpikoak ez du barkamenik eskatu guzti honengatik.

Hiru atletendako urte latzak etorri ziren. Marginazioa, langabezia, bikotekideekin arazo larriak...nork pentsa zezakeen horrelakorik, Olinpiar joko batzuetan arrakasta izan eta gero.

Tommie Smith-en marka (19,83s) 11urtetan egondu zen gainditu gabe. Smithek beste hamarna munduko errekor zituen 1968ko olinpiar jokoen aurretik. Bainan, historia markatu duen argazki batek, bere bizitza ere markatu zuen. Kotxeak garbitzen eman zituen urte aunitz, unibertsitate bateko atletismo taldearen kargu hartu zuen arte...bainan ordurako jadanik 20urte pasata ziren 1968ko egun hartatik.

Aste honetan, bere keinu horrengatik saria eman diote Madrilen Tommie Smith-i. Arrakasta, famatua, aberatsa seguruenik...izateko bidean zegoen, bainan bere herriarengatik, bere jendearengatik borrokatzeagatik, urtetan zigortua izan zen. Neretzako ohore bat izan da bera ezagutzea.

JO TA KE!

No hay comentarios: